AUSNARTU

Zerbait benetan ez da ulertzen baldin eta nor bere amamari azaltzeko gai ez bada. (Albert Einstein)
Buruketa baten formulazioa bere soluzioa baino garrantzitsuagoa da! (Albert Einstein)
Jakituria ez zaigu berez-berez etortzen, ikasi egiten da! (esaera arabiarra)
Dudarik ez duenak ez daki ezer. (esaera greziarra)
Kasualitateak mesede egiten die buru entrenatuei. (Charles Babbage)
Benetako jakituria honetan datza: dakizuna dakizula jakitea eta ez dakizuna ez dakizula jakitea. (esaera txinatarra)
Ikerketa da inork pentsatu ez duena pentsatzea eta mundu guztiak ikusi duena ikustea. (Albert Szent-Györgi)

ZER DA BURUKETEN EBAZPENA?

Zerbait egin nahi duenak bidea aurkitzen du; ezer egin nahi ez duenak aitzakia bilatzen du. (Atsotitz arabiarra)
Egoera berriei aurre emateko aktibitateari ebazpena deitzen zaio, naiz eta ahalegin handia eta gure posibilitateetan konfiantza eskatu.
Buruketen ebazpena ez da gauzatzen formula eta emaitza asko gogoratzen eta erabiltzen, baizik ezagueretan, antolatzen jakitean eta abarrean. Sortzaile, ireki eta positiboa den aktibitate mentala da.Gogoratu edozein diziplinatan, eta problemak ebazteko momentuan baita, ikasleak ondoko hauek kontuan izan behar dituela:

  • Ikaslea bera da lana egin behar duena.
  • Irakaslea ikaslearen lanaren orientatzaile hutsa izango da; ikasleak erabiliko dituen liburuak oso lagungarriak izango dituelarik. Baina ikaslea da a) Egoera aztertu behar duena eta, b) Ideiak eta hauen azalpenak zehaztasunez eman behar dituena.

Irakaslea EZ da izango BURUKETA GUZTIAK bideratuko dituena…

ZER DA BURUKETA BAT?

Hiztegi desberdinetan begiratzen badugu, honako definizioak bilatuko ditugu:

  • Argitu nahi den arazo bat.
  • Emandako hainbat datuz baliatuz, emaitza egokia aurkitzeko eskatzen duen ariketa.
  • Burutzeko ekintza edo horren ondorioa.
  • Problema.
  • Konponbide zaila duen proposizio edo zailtasuna da.
  • Datu batzuk ezagunak direnean, emaitza bat lortzeko modua jakin ahal izateko proposizio bat da.
  • Lortu beharreko helburu bat inplikatzen duen egoera da, helburu hori lortzeko eragozpenak dituena eta eztabaida behar duena.
  • “Automatikoki” konpon daitekeen arazoa izan beharrean, ikerketa bat eskatzen duen arazoa planteatzen duena da.
    • Ikerketa kontzeptuala
      Froga ezazu bi zenbaki lehen bikien artean dagoen zenbakia seiren multiploa dela.
    • Ikerketa enpirikoa
      Ikasle bat bizi den herri karratuaren kaleak ( 4 bider 4) elkarrekiko elkarzuta daude. Ikaslea karratuaren erpinetariko batean bizi da, eta diagonala jarraituz aurkako erpinean ikastetxea dago. Ikasleak, ikastetxera iristeko zenbat bide desberdin ditu?
  • (zure definizioa jarri dezakezu)

Zer da BURUKETA ON bat?

Buruketa On bat,

  • Ebatzi nahi duenak dituen gaitasunentzako erronka da.
  • Berez interesa daukan zerbait, erabilgarritasun praktikoa eduki ala ez.
  • Ebatzi behar duen pertsona hasieratik blokeatuta uzten ez duena; hau da, pertsonak bere ahalmenak antzematen ditu; lehen begirada batean gauza atsegina dirudi.
  • Ebazten duenarengan beste pertsona batzuei proposatzeko gogoa ematen diona.
  • Ez da “tranpadun” proposamenbat.
  • Ebatzitakoan, azaltzeko zaila da, baina sentitzeko atsegina den plazerra ematen duena.

Laburbilduz,

  • Interesa agerrarazten duen zerbait da. Ikasleak soluzioa bilatu nahi duen lanari edo behar duen lanari aurre ematen dio.
  • Berehalako soluziorik ez duen zerbait da. Ez dago lanaren soluzioa bermatzen duen biderik.
  • Problema ebazteko bide desberdinak dituena (numerikoa, algebraikoa, geometrikoa…). Baita soluzio bat baino gehiago izateko posibilitatea izan dezakeena.

ARIKETA BATEN eta BURUKETA BATEN EZAUGARRI NAGUSIAK

  • ARIKETAK
    • Oro har, denbora laburra behar izaten da egiteko.
    • Begi-kolpe batez ikusi ohi da zer den eta ebazteko jarraitu behar den bidea.
    • Bere helburu nagusia errutinaz aurrez entseatutako prozedurak eta mekanismoak aplikatzea da.
    • Oro har, arazo itxiak eta oso definituak izan ohi dira.
    • Bere idazkuntzan, ez dira motibazioa, interesa etabar bezalako alderdiak kontuan hartzen. Testuingurutik kanpo geratzen diren egoerak dira.
  • BURUKETAK
    • Oro har, denbora bat behar izaten da ebazteko.
    • Hasieran zaila da ulertzen eta ez da jakiten arazoari nola heldu; denbora bat behar izaten da horretarako.
    • Bere helburu nagusia ez da arau edo errezeta bat aplikatzea, bide bat egitea baizik.
    • Oro har, ariketak baino arazo irekiagoak dira eta ez hain definituak.
    • Bere ebazpenak pazientzia, iraunkortasun, sormen, adimen etabar handi samarra eskatzen du. Testuinguru jakin bateko egoerak izan ohi dira.

“Ariketa bat eta benetako buruketa baten arteko diferentzia erlatiboa da. Pertsona batentzat ohikoa ez den problema bat, beste batentzat ariketa sinplea izan daiteke; guztia ikasleak aldez aurretik bereganatu dituen ezagueren eta esperientzien menpe dago.”